MONTAÑA Hace 5 años

2021EKO BERAKO MENDI MARATOI ERDIA BIRTUALKI EGINGO DA 15 EGUNETAN ZEHAR

2021EKO BERAKO MENDI MARATOI ERDIA BIRTUALKI EGINGO DA 15 EGUNETAN ZEHAR

Korrika edo oinez egin ahal izango dira 21 kilometroko Maratoi Erdia zein 9 kilometroko Gazte Traila

Berako Mendi Maratoi Erdia birtualki egingo da 2021ean. Martxoaren 27tik apirilaren 10era bitartean, nahi duen orok frogan parte hartu ahal izango du bai korrika zein oinez.

Parte hartzeko, Manttaleren webgunean dohainik izena eman beharko da bakarrik.

Bi modalitate egongo dira: Mendi Maratoi Erdia, 21 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboarekin, eta Gazte Traila, 9,3 kilometro eta 300 metroko desnibel positiboarekin.

Nafarroan bizi direnek lasterketa Maratoi Erdi eta Gazte Trailaren zirkuituan bertan egiteko aukera izango dute, ibilbidea 15 egunez egongo baita seinaleztatuta, martxoaren 27tik (larunbata) apirilaren 10era (larunbata).

Ibilbideak oinez zein korrika egin daitezke. Oinez egiten badira, ez da beharrezkoa izango egun berean bide osoa egitea, baizik eta egun batzuetan zehar egin ahal izango da, hala ere Manttaleren webgunera egun bakoitzean egindako tartea igo beharko da. Era berean, nahi bezainbeste aldiz har daiteke parte. Gazte Traila edo Maratoi Erdia behin, bitan, hirutan edo nahi den aldi guztietan egin daiteke.

Behin Maratoi Erdia edo Gazte Traila bukatuta, Manttaleren webgunera egindako distantzia, desnibela eta denbora eskuz igotzea nahikoa izango da.

Nafarroatik kanpo bizi direnek eta perimetro itxierarengatik Berara etortzeko aukerarik ez dutenek ere edizio birtual honetan parte har dezakete. Maratoi Erdiaren edo Gazte Trailaren antzeko distantzia eta desnibela duen ibilbidea simulatu besterik ez dute egin beharko. Kasu horretan ere, Manttaleren webgunera distantzia, desnibela eta denbora igo beharko dira.

2021ko edizio birtual honetan ez da sailkapenik egingo, baina parte-hartzaileek egindako denborak ikusi ahal izango dira.

Zerrenda batean, Maratoi Erdian eta Gazte Trailean parte hartzen dutenen denborak ikusiko dira, eta beste zerrenda batean, Beran ibilbidea egiterik izan ez dutenen eta oinez egin dutenen markak egongo dira.

Antolatzaileek Martikoko 10 sorta eta hamar kamiseta zozkatuko dituzte parte-hartzaile guztien artean.

Izen ematea egiteko eta datuak Manttaleren webean sortu dugun plataformara igotzeko ordenagailu bat erabiltzea gomendatzen dugu eta ez mugikorraren bidez egitea.