Nafarroak talde osoa aurkeztu zuen emakumezkoen arku rekurbo modalitatean (modalitate olinpikoa) lehendabiziko aldiz eta emaitza ezinhobea izan zen podiumera igo zirelako.
Nafarroako Arku Tiro Federazioak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Insitutuko Errendimendu Programarekin batera egindako lanari esker Nafarroak talde oso gaztea aurkeztu ahal izan zuen. Hain zuzen ere Irati Zurbanok (Lakarri - senior kategoriakoa), Marta Zuzak (Salesianos - junior kategoriakoa), Jone Gazteluk (Lakarri - junior kategoriakoa) eta Irati Miguelek (Salesianos - junior kategoriakoa) taldea osatu zuten.
Kanporaketetarako sailkatu ziren erraz laugarren posizioan eta 1.691 punturekin. Lehendabiziko txandan Valentziaren kontra 6-0 irabazi zuten arren, final-erdietan 0-6 galdu zuten Madrilen aurka (gero txapeldun izan zen maila handiko talde madrildarra).
Gauzak horrela, Gaztela eta Leonen kontra jokatu behar izan zuten brontzezko domina eskuratzeko asmoz. Arerioa hirugarren posizioan sailkatu zen aurreko egunean eta emozio handiko duelua izan zen. Izan ere, berdinketa haustean erabaki zuen. Zorionez, nahiz eta Alba Gorrote arerioak 9 puntuko gezia jaurti, Marta Zuzak ituaren erdikoa lortu zuen brontzezko domina Nafarroara ekarriz.
Arrakasta honetaz gain talde misto nafarrak (modalitate olinpikoa Tokyotik) bosgarren posizioa lortu zuten. Irati Zurbanok eta Jon Urrizak (Lakarri taldeko 1. urteko juniorra) osatutako bikoteak Gaztela eta Leonen kontra ere galdu zuten berdinketa hausteko gezian.
Banakako lehiaketan, Irati Zurbanok seigarren posizio txalogarria sinatu zuen, dominetatik gertu, soilik senior kategoriako Espainiako Selekzioko hiru kideren eta junior kategoriako lehiakide pare baten atzetik.
Modu berean, Carmen Rubiok (Runa) arku egokituaren Espainiako Txapelketa irabzi zuen ostegunean. Hala ere, ezin izan zuen kanporaketetarako sailkau David Sampedro (Iruña) bikotekidearekin arku konposatuaren modalitatean, ezta banakako lehiaketan ere.